Eta ondoren? Kultur Ondarea kontrolatzea eta mantentzea, aukera iraunkorra.
Zaharberrikuntzaren aurretik eta ondoren: mantentze-lanak beharrezko hautua al dira?
2018a Kultur Ondarearen Europako urtea denez, asko izango dira antolatuko diren ekitaldiak; guk bat egin nahi dugu, AFA, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.
Une honetan, GEIICk indar berezia egin nahi du kultur ondarea mantentzeko planen gaian; izan ere, garrantzi handikoa den arren, gutxi batzuetan baino ez da jorratzen.
Kontserbazioaren eta zaharberrikuntzaren urtetako garapenak erakutsi du diziplina honetan, beste edozeinetan bezala, iraunkorragoa eta efikazagoa dela prebentzioa, kalteak gertatu ondoren esku-hartzea baino. Ondo dakigu kultur ondasunak zaharberritzeko egiten diren inbertsio handiek ez dutela ziurtatzen ondorengo kontserbazioa, horrela erakusten baitigute oparoaldian gauzatutako proiektu handiek.
Gizarteak esku-hartze efikaz eta iraunkorrak eskatzen ditu, esparru guztietan eskatu ere; horregatik, agerikoa da ondarearen kontserbazioko filosofian eta praktikan aldaketak egin beharra dagoela. Hausnartzen jarraitu behar dugu, iraunkortasuna oinarri dugula: kontserbazio prebentiboa eta mantentze-planak nola egin eta gauzatu, jarduteko protokoloak eta kalitate-kontrolak nola diseinatu, baita horrek guztiak dakartzan konpromisoen gainean ere.
Aurkeztuko diren esperientzietatik abiaturik, Kongresu honek balio lezake gai horiei buruz eztabaidatzeko eta ondorioak ateratzeko.